eu | es

Nola erabili

Erabiltzaile egiteko:

Erabiltzaile egiteko alta eman behar da, webgunean edo bulegoan lor daitekeen inprimakia beteta. Bestela, honako telefono honetara dei daiteke:
• Zerbitzuaren informazioa jasotzeko: 946 123 959 (ordutegia 9-18)
• Erabiltzailea bazara: 902 540 399

Alta eman ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira, honako hauek, hain zuzen:
• 24 urtetik gorakoa izatea.
• Dagokion ibilgailu kategorian gidabaimen baliagarria edukitzea, Espainian indarrean dagoena.
• Gidabaimenean gutxienez 2 urteko antzinatasuna eta 6 puntu edukitzea.
• Urteko kuota ordaindu izana.

Inprimakia behar bezala bete ostean, zerbitzua kudeatzen duen enpresak alta emango dio erabiltzaileari, eta txartela eta beharrezko dokumentazioa igorriko dizkio. Txartela pertsonala eta besterenezina izango da. Txartela Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitatearena izango da, eta erabiltzaile zenbaki bat izango du; erabiltzaileak erreserba online edo telefonoz egin nahi izanez gero, zenbaki hori erabili beharko du. Erabiltzaileak txartel horrekin irekiko eta itxiko du ibilgailua.

Erreserba egiteko:

Ibilgailua erabili ahal izateko aurretik erreserbatu beharra dago, Internet edo telefono bidez (asteko 7 egunetan 24 orduz).
Azken momentura arte onartuko dira erreserbak, baldin eta autoa libre badago erreserbatu nahi den orduan.
Internet bidezko aukeran, erabiltzaileek gune pertsonalean sartu beharko dute, identifikatzaile eta pasahitz pertsonalak erabiliz.
Erreserba aldatu edota baliogabetzeko, prozesu berbera jarraitu beharko da.
Erreserba balioduna izateko, DERRIGOR BERRETSI BEHAR DA jasotako emailaren bitartez. Ezpabere, ezin izango da ibilgailurik hartu.
Ezin izango da erreserban adierazitako denbora gainditu. Erreserba luzatzerik badago, betiere, hasierako erreserba bukatzerakoan beste erabiltzaile batek erreserbatu ez badu. Aldiz, ezin izango da indarrean dagoen erreserba laburtu.
Gutxienez ordubeterako eta gehienez 48 ordurako erreserbatu  daiteke ibilgailua.
Oro har, zerbitzuko erabiltzaileek egunero, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan erabili ahal izango dute ibilgailua, honako egun hauetan izan ezik: abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an.

Bidaiatzeko:

Autoa hartzeko, aparkalekura joan eta haizetakoan kokatutako irakurgailutik pasa beharko da erabiltzaile-txartela.
Une horretan, ateak irekiko dira (ixteko, gauza bera). Giltza autoan bertan egongo da.
Bidaiatu aurretik, autoaren dokumentuei begiratu behar zaie edota autoan anomaliarik ez dagoela ziurtatu.
Halaber, norberaren dokumentazioa gainean daramatela ere egiaztatu beharko dute erabiltzaileek.
Debekatua dago Europatik kanpo gidatzea.
Arduraz eta besteekiko begirunez erabili behar da.

Bueltatzeko:

Autoa hartu den toki berean utzi behar da.
Autoa erabiltzaile txartelarekin ixten da, hartara, egindako erabilpena gorde eta horren arabera ordaintzeko (denbora/km).
Ordainketa egiteko, iraupena, kilometroak eta tarifa zehazten dituen email bat jasoko du erabiltzaileak.

Gastuak:

Urteko kuotaz aparte, ibilgailua erabiliz gero sortutako gastuak bakarrik izango ditu erabiltzaileak. Ibilgailua mantendu, konpondu, gurpilak aldatu eta bestelako gastuak kuotan sartuta daude. Asegurua, zergak eta erregaia prezioan sartuta daude. Azken horri dagokionez, ibilgailuan txartel bat egongo da, depositua bete behar izanez gero ordaintzeko. Egin behar den gauza bakarra depositua laurdenetik behera jaisten denean betetzea da.

Istripu edo matxura izanez gero:

Ibilgailuak edozein akats edo arazo duela hautemanez gero (kanpoan zein barnean), erabiltzaileak berehala jakinarazi beharko dio zerbitzua kudeatuko duen enpresari, telefono honetara deituz: 902 540 399.